60+ Programa

01/04/2015

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuarekin eta Ongizate Sailarekin lankidetza

Apirilaren 14an 60+ programa garatzen hasiko gara Elgoibarko Udal Kirol Patronatua eta Ongizate Sailarekin lankidetzan. Programa hau Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak sortu zuen 2011an 60 urtetatik gorako pertsonengan jarduera fisikoa sustatzeko helburuarekin. Izan zuen harrera ona ikusirik programa 2012, 2013 eta 2014an ere garatu zen, Patronatuaren jarduera fisiko eskaintzan bere lekua irabaziz.

Programaren hastapenak

Gaur egun arte programa 2 ordutako hainbat saio izan ditu Patronatuko Kirol Jardueren Koordinatzaile batek zuzendurik. Saio hauetan 60 urtetik gorako elgoibartarrei Mintxetako Kirol Gunean jarduera fisikoa burutzen irakatsi izan zaie. Pertsona nagusiengan jarduera fisikoaren sustapena oso ekimen zuzena iruditzen zait pertsona hauengan bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko. Osasunaren Mundu Erakundeak hainbat alditan nabarmendu duen bezala, ohiko jarduera fisikoak luzatu egiten du bizitza, eta onurak eragiten ditu osasun fisikoan eta buruko osasunean, baita funtzionamendu kognitibo, emozional eta sozialean ere.

Bizitza aktibo eta osasungarria

Joan den edizioetan egin izan den bezala, aurten ere 60+ programan urratsez urrats bizimodu aktibo eta osasungarri bat eraikitzen erakutsiko dugu. Gure bizitzan jarduera fisikoa burutzea zeinen atsegina eta eskuragarria izan daitekeen azalduko dugu. Pertsona bakoitzari jarduera fisikoari dagokion bere egitasmoa sortzen lagunduko diogu, bere nahien, lehentasunen eta bizimoduaren arabera.

Berrikuntza: ongizate psikologikoa eta soziala lantzea

Baina aurtengo edizioak izango du berrikuntzarik, alderdi fisikoak lantzeaz gain alderdi mental edo psikologia eta soziala ere landuko da. Osasunaz ari garenean gaitasun fisikoez gain gaitasun psikologikoak edo mentalak ere kontutan hartu behar ditugu. Osasun on bat mantentzeko jarduera fisiko maila egoki bat burutzeaz gain garrantzitsua da baita ere jarduera psikologiko, intelektual eta sozial egoki bat izatea.

Edizio berri honetan jarduera intektuala sustatzeko eta gainbehera kognitiboa prebenitzeko egitasmo pertsonalizatuak sortzen irakatsiko dugu. Bestalde ongizate emozionala eta soziala sustatzeko jarraibideak eskainiko ditugu.

Helburu nagusia: bizitza kalitatea areagotzea

Programa honen helburu nagusia osasuna eta bizitza kalitatea sustatzea izango da 60 urtetik gorako pertsonengan.

Gakoa gure bizitza ohiturak aldatzeko autokonfidantza areagotu eta oztopoak gainditzen ikastean datza. Gure eguneroko bizitzan aldaketa txikiak burutu eta bizimodu aktibo bat eramateko gai bagara, jarduera fisikoa gure bizitzan txertatuz, gure osasuna, funtzionaltasuna eta bizitza kalitatea hobetuko ditugu.

Interesatuak jarri zaitezte Elgoibarko Udal Kirol Patronatuarekin harremanetan

Saioak Mintxetako Kirol Gunean burutuko dira astearte eta osategunetan goizeko 10etan, 2015eko apirilaren 14an hasi eta ekainaren 18 bitarte. Interesatuek Elgoibarko Kirol Patronatuan jaso dezakete informazio gehiago.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *